Bidaia Intimoa...

08.06.2019
     JON MAIA SORIAren bideari jarraipena emanez...hona hemen nire ibilbidea eta bilakaera EUSKARAren lurraldeetan barrena. 
Narrazio osoa... hurrengo sarrera batean... apika.
   

Bidaia intimoa.

EUSKARAREN LURRALDE LIBREETAN BARRENA.


Harrigarria.

Eta sinestezina.

Ustekabean heldu zitzaidan Euskara.

Ustekabean heldu nion hizkuntzari. Nire seme-alaben ama-hizkuntza izango zenari era ezin harrigarriagoz heldu nion.

Kontraesan handiak familia barnean.

Ama, zeinak Gaztelaniaren sekretuak oso txikitatik erakutsi zizkidan, Gaztela Zaharreko Burgoseko herrixka txikian jaioa.

Aita, Gaztelako "Tierra de Campos" delakoan sortua. Herria... are txikiagoa.

Amak... Euskararen kontra ezer, baina alde ere, aunitz gutxi.

Aita, ordea, gaztetan lan bila Gasteizera etorritakoa... "País Vasco" zale amorratua bai, Euskaraz ere hitz zenbait ikasitakoa ... baina Euskal Herriaz, Euskararen herriaz... zero.

Kontra gehiago alde baino.

Kausalitatea; kasualitatea.

Horien guztien eta gehiagoren aurka ekin behar izan zioten gurasoek; baita, haien sinesmen eta kulturaren kontra. Senide guztien aurka.

Aita, Vidal.

Ama, Celia.

Euskaldunen herri gazteleratura bizitzera etorri eta, ustekabean, inoren onespenik gabe, agian gehiegi jakin gabe ere, bertako ikastolan semea Euskararen bidean jarri.

Zegoen Ikastola bakarrean.

Beste eskolarik ez ote?

Lehengusu-lehengusinen gisara ez. Bilbo handian ere gaztelera nagusi 70. hamarkadan.

Erabakia erraza ez zen izan.

Entzun ere, entzun behar izango zituzten.

Kausalitatea? Kasualitatea?

Kausalitateak hiri erdialdean bizitzen kokatu zituen gurasoak. Arkupe zaharretako XIX. mendeko etxean. Arkupe zaharretako 9. zenbakian. Igogailu gabeko 4. solairuan. Argizariz garbitutako egurrezko eskailera traketsak gainditu eta eskuinetara. Gerora, alokairu merke horietakoa bihurtuko zena nahiz eta garai hartarako merkerik izan ez.

Pobreak hiri zahar-garaian.

Pobreak eta hiria haien oinetan.

San Frantzisko komentua izan zenaren ordezko gobernu zibilaren zein poliziaren egoitzaren aurrean hegoaldeko bistak; suhiltzaileen egoitza zaharra eta San Vicente eliza iparraldekoak.

Kasualitateak, ordea, beheko solairuko familiaren onespena jasotzeko aukera eman zien. Aberatsak haiek. Diruz kezkarik ez, haiek.

Eta semearen adin bereko beste bat: Iker.

Auzokideak auzokide izateak zentzua zuenean. Auzokideak auzokideak existitzen zirenean. Elkarren arteko laguntza eta mesedea hitzez sinatzen zenean.

Kausalitatea.

Haiek Euskal Herrian jaioak.

Nire gurasoak Gaztelan.

Haiek Euskara galduta.

Gurasoentzat, aldiz, hizkuntza ezezaguna.

Kasualitatez haiekin... AITA RAMON.

Apopilo. Apaiza. Euskalduna. Euskaltzalea. Izaskun Arrueren laguna.

Nor ote? Izaskun, alegia.

Olabide Ikastolako bultzatzailea, sortzailea.

Kausalitatea.

[... Erdi ... ] ezkutuan zebilen ikastola martxan Izaskunen etxean.

Ikastolako seigarren ume-belaunaldiari agurra egiteko guraso kooperatiba sortu eta txalet handia erosi.

Estibaliz Hiribidean.

Bazen tokia ikasle berrientzat.

-Zergatik ez ikastolara? -Aita Ramonek gurasoei.

-Oraindik ez da garaia. Hiru urte falta dira.

Egia. Baina beste behin erronka berriari aurre egin zioten. Frankoren eskolari sei urterekin ekiten zioten. Hiru besterik ez genituela bertaratu gintuzten Iker eta biok.

1970. urtea.

Garai zailak eta ilunak. Baita itxaropena hedatzekoak ere.

Ilunak zinez, eta ez kasualitatez. Inolaz ere.

Erdi legala zen ikastolan semea kokatzeko... arima behar zen. Eta arima baino zerbait gehiago.

Erraza ez.

Ausardiaz gain... dirua ere ezinbestekoa.

Aitaren soldataren herena euskara irakats ziezadaten.

Gehiegi.

Kausalitatea eta kasualitatea.

Elizaren indarra... eta ikastolako eskuzabaltasuna. Ustekabeko eskuzabaltasuna Aita Ramoni esker batik bat. Elizak eta ikastolak laiko-katolikoak ireki zizkidaten euskaltzaletasunaren ateak, Euskal Herriko ateak, gure hizkuntzaren ateak, nire seme-alaben hizkuntzaren ateak.

(H)Asier-a. Asier, semea. Amai(ER)a. Amaia, alaba.

Kasualitatea?

Sinestezina.

Harrigarria.

Gogoangarria.

Nork... ezin inolaz ere jakin. Hilero, esku ezezagun horrek gutun-azala amaren eskuetan utzi egiten zuen. Kontziente izango al ziren norainoko eragina izango zituzten gutun-azal horiek zekartzaten 900 pezeta?

5,40 euro.

Abertzaletasuna pizteko.

Euskaltzaletasuna bermatzeko.

Gogoangarria.

Harrigarria.

Sinestezina.

(H)Asier-a.Amai(ER)a

Kasualitatea?

Eta eraginkorra.

Euskaraz ari naiz.

Ikastolan ikasitako Aitorren Hizkuntza Zaharretik gaurdainoko bidaia lausotu didan gutun-azala.

Ipuina lirudike egia ez balitz.

Amaiera hauxe merezi zuen ipuina. Dudarik ez.

Kasualitatea.

Eta kausalitatea , ordea, gurasoen ahalegina.

Haren kausaz, ikastolaren kausaz, gehiago lan egin behar. Aitak sakrifizio handiak, aparteko lanorduak. Ordaindutakoak.

Ordainetan... semea gutxi ikusi... 

asier maia anabitarte

© JALBERS OIHARTZUN KUTXA ARGITALPENAK 01007, Vitoria-Gasteiz
Creado con Webnode Cookies
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar