ZURI-BELTZAREN KOLOREAK

17.11.2020

Olerki liburua ezezik, auzolaneko proiektua ere bada. SentimenduaK barreiatzeko auzolana.

Elkarlanean aritu dira pertsona asko. Emozioen truke. Pertsona horietako bakoitzaren emozioaz osatu da liburua eta harekin batera, eskutik oratuta doazen erakusketa eta ikuskizunak.

ARTGIA Sorgune Aretoak eman zidan proiektu honetarako lehenengo pista.

Diziplina eta artista-arte zenbaitetako gizakiak elkarlanean arituta, Euskaraz, Genero ikuspegia eta inklusibitatea bultzatuz, eta gure gizarteari dagozkion arazoei erantzuna-hausnarketa eman nahi izate horrek ekarri nau honaino.

Arteak eman diezaioke bide eta erantzun eguneroko hainbat galderari. Arteak askatasun bidea izanik, norbere mamuak, sentipenak, kezkak... abiapuntu hartuta, besteengan emozioak, hausnarketak sortzeko, pizteko, konpartitzeko ezinbesteko tresna izan ohi da , izaten ari da eta izango da...

Liburuaren azaleko ilustrazioak propio adierazten du eman nahi izan zaion ikuspegia: emakumeak, onetsita edo ez, gure eta beste gizarte askotan daukan ezinbesteko protagonismoa. Bizitza-emaile, babesle, bitartekari eta gordailu emozionala. Olerki guztiak ez daude propio pentsatuta eme-ahotsaren ikuspegitik soilik. Bada, gero eta gehiago, zorionez, babesle, bitartekari eta gordailu emozionalaren bide horiek ere urratzen duen gizonik, baina, onartu beharra dago urratsak falta zaizkigula. Horregatik, ilustrazio eta olerkien ondoan ikusten dituzuen QR kode horietan entzungo dituzuen ahotsak soilik emakumeen ahotsak izango dira. Adina eta jatorri anitzeko 40 emakumerenak.

Eta zergatik grabatu?

Batetik, ikuspegi integratzaileari jarraituta, ikusmen urritasuna edo erabateko itsutasuna duten pertsonek besteen ahotsetan goza zitzaten.

Bestetik, helburu batez sortutako ilustrazioek eta kitatu beharreko zorra ere eman zioten bide.

Aurreko libururako Iñaki Lauzirikak sortutakoak, olerki liburu eta erakusketa honetako protagonista eta inspirazio bilakatu dira [ARTGIA Sormen Gunea. Jose Lejarreta Kalea 41, GASTEIZ. AZAROAren 13tik ABENDUAren 13ra]. Hitzak, argazkiak, ahotsak, artelanak, musika notak eta akordeak... erditu ziren haien ildoa jarraituz.

Horixe hitzen lilura... Ilustratzaile, idazle, marrazkilari, irakurle, bisitari, musikari, antzezle edo entzule bakoitzarengandik erakutsi nahi ez duten hori azalaraztea lortu dute. Oharkabean.

Olerkiak aireratu bezain pronto... irakurle, musikari edo entzule bakoitzak bere egin ditu. Askatasun osoz. Hortaz, egilearen ahotsa galdu eta ahots propio, nortasun berriaz dotoretu dira.

Plazer handia bidaia honetan zuekin bat aritu izana; plazerra bizitza den antzezlan laburrean zuen segundo batzuetan bidea elkarrekin eta elkarren ondoan gozatzeko aukeragatik. Ezker oneko hitzak besarkadetan bihurtuko ditut.

© JALBERS OIHARTZUN KUTXA ARGITALPENAK 01007, Vitoria-Gasteiz
Creado con Webnode Cookies
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar